Bilbao Silver Lab, Bilboko Udalak eta Bilbao Ekintzak gidatutako eta SSI Taldeak inplementatutako proiektuaren xedea Bilbo enpresa eta ekintzaileek adinekoei zuzendutako produktuak edo zerbitzuak testatu ahal izateko ingurune bihurtzea da. Horretarako erronka bat argitaratu genuen, gure hirian zahartzearekin eta bizitza-luzerarekin lotutako beharrizanetarako irtenbideak aurkitzeko.
Zehatzago esanda erronka pertsonen zahartze naturalaren zikloan etxeko bizi-kalitatea luzatzea da; adineko pertsonen eta haien zaintzaileen, familiakoak izan edo ez, prebentzioa eta zainketa, maila fisikoan zein mentalean, azpimarratuz eta lehenetsiz eta, horrela, ahal den neurrian, ahultasun- eta/edo mendekotasun-egoerak atzeratuz.
Soluzio, produktu eta/edo zerbitzu fisiko eta/edo digitalak, arduratsuak, hartzaileek eta/edo haien zaintzaileek eskura eta erabil ditzaketenak bilatzen ditugu. Soluzio, produktu eta/edo zerbitzu horiek bai prebentzio-mailan (fisikoa eta/edo mentala), bai ahultasuna eta mendekotasuna dagoen egoeretan, adineko pertsonak etxean ematen duen egonaldia ahalik eta bizi-kalitate handienarekin luzatzea ahalbidetu behar dute.
Horretarako Bilbao Silver Labek deialdia egin du aurreko erronkari erantzungo dion eta Bilbon testatuko den soluzioa edo tresna hautatzeko.
Hautatutako proiektuarentzako onurak:
- Aurkezten den soluzioa erabiltzaile potentzialekin gehienez 6 hilabetez testatzeko aukera, ingurune erreal batean.
- Ikusgarritasuna Bilbao Ekintza eta SSI Taldearen komunikazio-kanalen eta Bilbao Silver Labeko beste eragile laguntzaile batzuen bidez, proiektuari zabalkundea eman diezaioketenak.
- Bilbao Ekintzak 10.000 € emango dizkio hautatutako proiektuari.
Horrez gain, hautatuak izan ez diren gehienez ere hiru proposamenek SSI Ekin Silver Economy aholkularitza-mentorizazio zerbitzua jaso ahal izango dute.
Apirilean eta maiatzean zazpi proiektu jaso ziren, planteatutako erronkari erantzuteko eta, baloratu ondoren, horietako sei “elevator pitch” fasera pasatu ziren. Fase horretan Bilbao Silver Labeko talde eragileko ordezkariek osatutako epaimahaiaren aurrean defendatu ahal izan zituzten, eta epaimahaiak proiektu irabazlea eta aholkularitza-mentorizazio zerbitzua jasoko duten hiru finalistak hautatu zituen.
- Proiektu irabazlea: Saluta APP, Saluta Bizkaia enpresarena.
Saluta APP adinekoen zaintzaileen ongizate psikologikoa hobetzeko diseinatuta dago. Izan ere, zaintzen dutenen osasun mentala hobetzen bada ematen duten zaintzaren kalitateak ere hobera egiten du. App honek zaintzaileentzako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, eta besteak beste honako baliabide hauek ditu:
- Erlaxazio-ariketak.
- Autoebaluazio-probak.
- Esperientzia duten profesionalen aholkuak.
- Profesionalek adierazitako erlaxazio- eta konexio-teknikak, estresa, antsietatea eta depresioa arintzeko.
- Lehen finalista: Conectad@s, Fundación Alicia y Guillermo Fundazioarena.
Conectad@s-ek euren artean konektatuta dauden komunitateak sortuz ekiten dio biztanleria zahartzeari. Proiektu sozial eta teknologikoa da, eta adinekoarengana iristeko telebista erabiltzen du tresna moduan adineko horri bideo-deiak, tailer interaktiboak, bideoteka, oroigarriak eta boluntariotza eskainiz.
- Bigarren finalista: Escudero, Cabediem enpresarena.
Hornikuntza-zerbitzuen eta adineko pertsonen arteko komunikazio-kanala da, deien kudeaketan segurtasuna, konfiantza eta proaktibitatea eskaintzen dituena.
Bitartekaritza-zerbitzu baten bidez erabiltzailearentzat ezezagunak diren agenteen dei jakin batzuk iragazten ditu eta baztertu egiten ditu abusuzko enpresa hornitzaileen iruzurrak eta salmentak izan daitezkeenak.
- Hirugarren finalista: APP Vamos a cuidarnos, Asociación Vamos a cuidarnos Elkartearena.
APP honek adineko pertsonen autonomia, bizitza aktiboa eta osasungarria sustatzeko informazioa eta baliabideak ematen ditu. Interfaze erraza du, jarduerak, zerbitzuak, ongizatea, albisteak eta prestakuntza barne hartzen dituena.
Hurrengo fasean 6 hilabetez Saluta APP proiektu irabazlearen azterketa egingo da; halaber, aholkularitza-mentorizazio saioak egingo dira proiektu finalistekin.