EHUN: Betiko dendak betirako

  • Gaur arratsaldean Areto Arabiarrean antolatu den ekitaldian, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu du hirirako oso garrantzitsua dela mota horretako saltoki historikoak edukitzea.

  • Ehun urte beteak dituzten 61 saltokien ordezkariek baldosa itxurako sari bat jaso dute, bai eta saltoki guzti-guztien historia jasota duen liburu bat ere, oroigarri gisa.

  • Bestalde, “EHUN: Betiko dendak betirako” ekimenak banakako aholkularitza eskaintzen die honako gai hauetan, besteak beste: marketina, giza baliabideak edo finantzak, betiere, hirian iraunaraztea eta etorkizuna bermatzea lortzeko.

  • ARGAZKI-GALERIA.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak hiribilduan ehun urte beteak dituzten saltokiak omentzeko sari-banaketa zuzendu du gaur. Hiri osoaren izenean establezimendu historiko horiei bihotz-bihotzez egin nahi zaien omenaldia da; izan ere, bilbotar guztion egunerokotasunean ditugu, eta Bilboko merkataritza-esentzia eta tradizioa gordetzen laguntzen digute.

Alkateak azaldu duen bezala, ehun urte baino gehiagoko ibilbidea duten eta Abando, Ibaiondo, Rekalde, Uribarri eta Deustun dauden 61 saltokiak, «Hiribilduaren historia bizia dira, eta modu paregabean lan egiten jarraitzen dute, ateak ireki zituztenean zuten filosofia eta ilusio berarekin. Belaunaldiz belaunaldi, nortasunari eta profesionaltasunari eutsi diete, betiere, garai berrietara egokitzen. Ekimen honekin, hain zuzen ere, gure hirian beste 100 urtez egotea lortu nahi dugu».

“EHUN: Betiko dendak betirako” izenburupean, saria beste proiektu zabalago baten barruan dago, non udalak, Bilbao Ekintzako udal-sozietateko lantalde teknikoaren bitartez, ehun urte beteak dituzten negozioen irudia sendotu nahi duen, bai eta irautea eta etorkizuna bermatuta izatea ere. Horretarako, aholkularitza-ekintza batzuk eskaintzen ditu, eta turismo-ikono gisa sustatzen ditu.

BALDOSAK ETA OROITZAPENEZKO LIBURUAK

Gaurko ekitaldian, ehun urte beteak dituzten 61 establezimenduetako ordezkariek OROITZAPENEZKO BALDOSA bat jaso dute Juan Mari Aburto alkatearen eta Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziaren eskutik, zeina saltokian ikusgai jarri ahal izango duten.

Oroigarriarekin batera, negozio guztien historia jasota duen LIBURU bat eman diete, bai eta beste ale bat gehiago ere, formatu soilago batean eta edizio mugatukoa. Horren 2.000 liburuxka inprimatu dira, eta eskuragarri egongo dira Bilboko Turismo Bulegoan.

Dokumentu horren BERTSIO DIGITALA ere sortu da, eta Bilboko Udalaren, Bilbao Ekintzaren eta Bilbao Turismoaren web-orrietan kontsultatu eta deskargatu ahal izango da. Sistema digital horrekin lortu nahi da “inbentarioa” «tresna bizi bat» izatea, Juan Mari Aburtok azaldu duen bezala «oraindik aurkitu ez ditugun negozio historikoek bat egin dezaten. Aspalditik ari gara horretan lanean».

AHOLKULARITZA

Oroigarria, lehen esan bezala, “EHUN: Betiko dendak betirako” proiektuaren baitan garatu da. Proiektuan, hain zuzen ere, aholkularitza berezitua eman nahi zaie historia luzea duten negozio horiei, saltzeko eredu berrietara egokitu daitezen eta, horrela, hiribilduan duten ibilbidea luzatu dezaten. Halaber, hiriaren turismo-irudi gisa sustatzen lagundu nahi da.

Programaren barruan eta negozioen banakako diagnostikoa egin ostean, aholkularitza berezitua egiten ari dira marketina, arlo juridikoa eta finantza arloa edo giza baliabideak hobetzeko, besteak beste.

Ehun urte beteak dituzten saltokiak dira 90 urte baino gehiagoko merkataritza-jarduera (nahiz eta kokapena aldatu izan) duten saltokiak, baldin eta belaunaldiz belaunaldi edo langileen artean eskualdatu diren negozioak badira, eta saltzen den produktu-mota edo lan egiteko modua mantendu badituzte.

Farmaziak, ostalaritza-establezimenduak, elikagaien saltokiak, estankoak, loteria-negozioak, moda-dendak… daude zerrenda historiko honetan, non ehun urte beteak dituzten Bilboko 61 saltoki biltzen diren.

SARE SOZIALAK: