Parekoen Topaketa

STEM profesionalen eta Bizilabeko gazteen arteko harreman-bizipenak. Testuingurua

STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak) arloko profesional bezala, zure esperientziak eta ibilbideak gazteei arlo hauek modu errealistan eta positiboan ikusteko aukera emango die. Helburua da gazteak STEM mundura hurbiltzea, eta era berean, lanbide hauen inguruko estereotipoak apurtzea. Zurekin harreman bat izatea oso garrantzitsua da gazteentzat, erreferente errealak eta hurbilak izatea ahalbidetzen baitie. Gainera, zure istorioarekin erakutsiko diezu STEM arloko profesionalak pertsona arruntak direla, eta beraiek ere erronkak eta zailtasunak gainditu behar dituztela. Akatsak egitea ikasketa-prozesuaren parte dela eta horiek gaindituz ere arrakasta lor daitekeela erakutsiko diezu.

Zure inplikazioarekin, gazteek lanbide horiek interesgarriak eta eskuragarriak direla uler dezaten lagunduko duzu, eta STEM mundura iristeko, jakin-mina eta erronka berriak gainditzeko gogoa izatea behar dela, batez ere.

Zer da Parekoen Topaketa?

Bizilaben asteroko dinamikan dauden “izan ikertzaile-asmatzaile” programako haurren eta STEM emakume profesionalen arteko “speed-dating” formatuko elkarrizketak dira, non haurrek Bizilaben lantzen ari diren proiektuen inguruko informazioa partekatuko duten profesionalekin, eta alderantziz.

Haurrak talde txikitan eta emakume bat mahai berean jarrita, 15 minutuz hitz egingo dute. Erloju batek denbora pasa dela adierazten duenean, emakume profesionalak tokiz aldatuko dira, eta berriro hasiko da elkarrizketa, beste talde batekin. Guztira lau txanda izango dira. Hartara, haurrek 4 emakumeren ibilbide eta proiektuak ezagutzeko aukera izango dute, eta emakume profesionalek 4 haur-talderen Bizilabeko bizipenen berri izango dute.