Zabalik jarraitzen du alokairurako laguntzekin lokal hutsak aktibatzeko plan berezirako eskaerak aurkezteko epea. Horren bidez, ordaintzen lagundu nahi da merkataritza-lokalen alokairutik nahiz abalen sinaduratik eratorritako gastuen zati bat. Programa esperimentala izango da, eta hiriko Alde Zaharreko Zazpi Kaleetara zuzenduko da. Arreta berezia emango zaio Belostikale, Goienkale, Dendarikale eta Artekale kaleetan
Lau kale horiei dagokienez, dirulaguntzen bi modalitateak (alokairuak eta abalak) erabili ahal izango dituzte, eta beste hiru kaleetan (Barrenkale, Barrenkale Barrena eta Arategizar), aldiz, abalen modalitatea baino ezin izango dute erabili. Gastuak ordainduko direla bermatzen duten finantza-erakundeekin egiten diren abalen gastuak ordaintzeko laguntzei dagokienez, udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Elkargi erakundearekin (beste edozein erakunde ere izan daiteke).
- Interesdunek jardueren negozio-plan bat aurkeztu beharko dute, eta, horretarako, Bilbao Ekintzaren prestakuntza eta aholkularitza izango dituzte. Dagoeneko bat izanez gero, udal-sozietateak onetsi beharko du. Horretarako, informazio-zerbitzu bat eskainiko da helbide elektroniko honen bitartez: comercio@bilbaoekintza.bilbao.eus.
Planaren barruan, inolako jarduerarik alde batera utzi gabe, lehentasuna izango dute eskuz egindako produktu edo zerbitzuak, diseinua eta berariazko nortasuna duten beste ekimen batzuk bultzatzen dituzten proiektuek; izan ere, horiek nolabait osatu egiten dute dagoeneko gure kaleetan dagoen merkataritza- eta ostalaritza-jarduera. Helburua interes berezia duen erreferentzia-gunea sortzea da, erakargarriagoa izateko eta guneko garai bateko jarduera berrabiarazteko.
LAGUNTZEN ZENBATEKOA
Aurrekontua, guztira, 70.000 euro dira. Emandakoaren bitartez, diruz lagunduko dira gastuak, negozioa zein kaletan kokatuta dagoen kontuan hartuta:
- Alokairuaren kostuaren %50, ordaindu eta lehenengo hamabi hilabeteetan; gehienez, lokaleko 400 euro izango dira hilean. (Zergak, tasak, higiezinen kudeaketa-gastuak eta abar ez dira diruz lagunduko). Laguntza horiek Belostikale, Dendarikale, Goienkale edo Artekale kaleetako lokalei emango zaizkie.
- Abalen sinaduren ondoriozko gastuak jarduera horiek garatzen diren merkataritza-lokalen alokairuetan, gehienez, 400 euro izango dira lokaleko. Zazpi kaleetako lokalek eskuratu ahal izango dute hori.
Gainera, laguntza eskatu ondoren, sustatzaileek prestakuntza eta aholkularitza jaso ahal izango dute, enpresa-kudeaketa hobetze aldera, bai eta kasu bakoitzerako egokienak diren finantzaketa-iturriak bilatzeko laguntza-zerbitzua ere.
Eskaerak aurkezteko epea 2023ko abenduaren 31ra arte edo aurrekontuaren kontsignazioa agortu arte egongo da irekita; izan ere, sartzeko hurrenkeraren arabera ebatziko da deialdia. Lokal hutsak aktibatzeko planaren dirulaguntzak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez eta telematikoki eskatu beharko dira, “LAGUNTZAK” atalean, webgune honetan: www.bilbaoekintza.eus.
NEGOZIOAK MARTXAN
Hala, Zona Curly eta Vie Belle izeneko komertzioak bideari ekin diote; halaber, Princess Courts negozioak laster irekiko ditu ateak. Horrez gain, Club de Plantas negozioak atzeraeraginezko izaerarekin jaso ditu laguntzak, eta beste bi daude sortzeko prozesuan murgilduta.
Aurreko irailean, Belostikaleko 7. zenbakian, Zona Curlyk ireki zituen ateak, ile kizkurrean espezializatutako ile-apaindegiak, alegia. Artekaleko 12.ean, Vie Belle vintage arropa-dendak, Bilbao Ekintza ekintzailetza-zentroan negozio-plana egin ostean, bigarren eskuko arropa eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen die bezeroei. Aipatutako negozioetako hirugarrena, Princess Courts, oihalak eta osagarriak saltzen dituen denda da, eta laster irekiko ditu ateak, Artekale, 27n.