Zorrotzaurre birsorkuntza-proiektu bat da; penintsula industrial zaharra eraldatuko da, eta uharte dinamiko eta berritzaile bat sortu. Zaha Hadid arkitekto arrakastatsu anglo-irakiarrak diseinatutako Masterplan bat da, zeinak 800.000 m2 baino gehiagori eragingo dien, eta bizikidetzarako, sormenerako, aisialdirako eta negozioetarako espazio berri eta zirraragarriak sortuko dira.
Uhartea Bilboren bihotzean dago, eta zubi mugikor eta pasaguneen bitartez dago hirira konektatuta. Gainera, sarbide laster bat du etorkizuneko abiadura handiko geltokira eta aireportura.
Jasangarritasun-irizpide nagusiak betez, Bilboko etorkizuneko uhartea hiriko auzo berri eta abangoardista bat izango da, eta ondo konektatuta egongo da. Etxebizitza, merkataritzarako lokalak, instalazio sozialak eta kulturalak eta aisialdirako espazio handiak bilduko dira bertan, bertako biztanleek eta metropoliko gainerako herritarrek goza ditzaten.
- Uharte jasangarria: Zorrotzaurreko uharteak ingurumenaren jasangarritasunarekiko eta zaintzarekiko konpromisoa izango du, eta ingurua zaintzea funtsezkoa eta bereizgarria izango da bertan.
- Uharte berritzailea: Bilbok enpresa eta tokiko nahiz nazioarteko inbertsio ugari erakarri nahi ditu Zorrotzaurrera. Sektore estrategikoetan enpresa-jarduerak eta ekintzailetza-jarduerak biltzeko eta sustatzeko apustu irmo bat da, ezagutzaren eta negozioen erreferentzia bihurtzeko pentsatua.
- Ezagutzaren uhartea: Goi-mailako hezkuntzaren sektorean erreferentzia izateko asmoz, Bilbok ezagutzari lotutako ekosistema oso bat garatu du, eta unibertsitate publiko zein pribatuei eta goi-mailako tokiko zein nazioarteko ikastetxeei gonbidapena egin die hezkuntza-proiektuak Zorrotzaurren garatu ditzaten.