2020. urte honek egoera berri eta ustekabekoak utzi dizkigu pandemiaren ondorioz. Aukeratu ez genuen eta gelditzeko iritsi zen paradigma aldaketa batean murgilduta topatu dugu geure burua. Historian lehenengoz, era masiboan itxi dira komertzioak, premiazko beharrekin lotuak izan ezik. Horrek behartu gaitu egiteko eta erosteko era berrietara ohitzera. Bada, funtzionatzeko modu hori bere egin dute jada kontsumitzaileek nahiz komertzioek.
Baina eraldaketa prozesua askoz ere urrunago joan da:
- Pertsonek segurtasunaren balioa nabarmendu dute: Erostera doazenean inguru seguru eta fidagarriak bilatzen dituzte. Gela, maskara, aurretiazko hitzordua eta pertsonalizazioa gure egunerokotasunean txertatu dira.
- Markak berrasmatzen: Ez ditugu ahazten unerik zailenetan haien bertsiorik onena erakutsi duten markak. Gehien erosten ditugun produktu eta zerbitzuen parte izatera pasatu dira. Aldi berean, branding pertsonala eta emozionala daukagu, egoera honetan iraun eta hazteko beste giltzarri bat. Honelako elementuak sustatzen ditu: berezitasuna, benetakotasuna, gardentasuna eta fidagarritasuna. Detaileek markatzen dute aldea.
- Digitalizazioa: Internet bidezko kontsumoa hazten ari da, konfinamenduan aukera bakarra izan da eta. Jada digitalizatuta zeuden komertzioak izan dira egoera hobekien eraman ahal izan dutenak. Hala, agerian geratu da digitalizazioak (eta ez derrigorrez on-line salmentak) lehiakortasuna hobetzeko duen rola, eta komunikazio kanal eraginkorragoak nahiz barne kudeaketako eta bezeroekin harremantzeko tresna teknologiko berriak zabaltzeko duen garrantzia.
- Ohitura berriak: Kontuan hartu behar da kontsumitzaileek gero eta gehiago bilatzen dituztela erosketa esperientzia pertsonalizatuak, gailu teknologikoak sarriago erabiltzen dituztela, gure komertzioen preskriptore bihurtzen direla, konprometitu egiten direla eta bilatu egiten gaituztela eta beste guztien artean aukeratzen dutela.
- Balioak: Azkenik, inoiz baino garrantzitsuagoa da bezeroen bizitzeko eta pentsatzeko moduarekin konektatzea, bai eta beren interesekin, konpromisoekin eta, azken finean, baloreekin ere. Etika eta gizarte erantzukizuna jasangarritasunari, ingurumenaren zainketari edo kontsumo arduratsuari lotuta. Goranzko balioak dira horiek